top of page

Talaia Feministak 2024. urteko dosierra lantzeko saioa egingo du otsailaren 1ean, Bilbon (2025-12-14)

 

Durango Azokan aurkeztu dute Talaia Feministaren 2023ko dosierra. Talde sustatzaileko kideek aurreratu dute 2024koan Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala jorratuko dituztela, koiuntura aztertzeaz gain.

 

 

 

2024. urtea aztertuko duen Talaia Feminista dosierra martxan da jadanik; Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista begirada feminista eta subiranistatik aztertzen duen urteroko dosierra osatzen ari da talde sustatzailea. Duela bizpahiru urte abiatu zuen bidea Talaia Feministak, eta 2023ko dosierra izan zen lehen emaitza; Durango Azokan aurkeztu dituzte hango edukiak. Iazko urtearen analisia partekatzeaz gain, 2024korako zenbait kontu iragarri dituzte: batetik, koiuntura aztertzeaz gain, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoei, eta osasun mentalari erreparatuko diote. Bestetik, Talaia Feminista Uneak badu data eta tokia: otsailaren 1ean egingo dute Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatean (bertako Ekonomia Aplikatua sailarekin lankidetzan antolatuta).


Abenduaren 6an Durangoko Azokaren egitarauaren barruan aurkeztu dituzte Talaia Feministako talde sustatzaileko kideek 2023. urteko dosierreko eduki eta ondorioak. Lorea Agirre Dorronsorok, Amaia Perez Orozkok, Aiora Epelde Agirrek, Mirene Begiristain Zubillagak, Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxagak eta Naia Kortabarria Garetxanak egin dute, Durangoko Arte eta Historiako museoan. Sei gertakari nagusi aztertu zituzten iazko dosierrean, eta horietako lau izan dituzte hizpide: eguraldia eta krisi ekologikoa; bizitza garestitzea; euskararen aurkako oldarraldia; eta Rubiales, Mario Lopez, PPDA eta indarkeria matxista.


Horrekin batera, azterketaren ondorioak eta 2023. urteak emakumeongan eta jendarte feminista eraikitzeko bidean izandako inpaktua ere jorratu dituzte. Baita, halaber, ondorio horietatik abiatuta, euskal jendarteari, erakundeei eta eragile sozialei zuzendu zizkieten gomendioak ere. Izan ere, Talaia Feministak, analisi feminista egiteaz gain, eragiteko helburua ere badu; zehazki, Euskal Herriaren trantsizio feministan eragiteko akuilu izan nahi du.


Iaz nola, aurten ere abian dute 2024ko dosierra ekoizteko prozesu kolektiboa: talde sustatzailea bete-betean ari da edukiak osatzeko lanean. Oraingoan, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoetan, eta osasun mentalean ari dira sakontzen. Urtarrilean emango dute eduki nagusien berri, eta ondoren, otsailaren 1ean, Talaia Feminista Unea egingo dute. Iaz Orereta/Errenterian egin bezala, aurten ere hainbat esparrutako dozenaka emakume feminista eta subiranista bilduko dira Bilboko EHUko Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatean. Eta ariketa kolektibo zabal horrek emandakoarekin osatuko dituzte dosierra, ondorioak eta gomendioak.

photo_5954254059303190911_y.jpg
bottom of page