2023. urteko Talaia Feminista dosierra aurkeztuko dute ezkerreko emakume feminista subiranista eta independentistek 2024ko urte hasieran (2023-12-16)
2023. urteko gertakari nagusien azterketatik abiatuta ari dira osatzen dosierra, emakumeongan duten inpaktuari eta Euskal Herriko trantsizio feministan dutenari erreparatuz. Otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egingo dute Orereta/Errenterian, dosierra ixteko; gero, interpelazioari eta dibulgazioari ekingo diote.
Euskal Herriko hainbat ezkerreko emakume feminista subiranista eta independentista bildu dira gaur Donostian, emakumeen etxean; Talaia Feminista sortzeko urratsak egiten ari dira. Iazko abenduan Iruñean lehen mugarria jarri zuten hainbat eragile politiko eta sozialetako, sindikatuetako, akademiako, herrigintzako eta beste zenbait esparrutako dozenaka emakumek: Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista aztertzeko urteroko dosier bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Horretan ari da azken hilabeteotan 30 lagun inguruko talde sustatzailea. Urtarrilean aurkeztuko dituzte 2023ko dosierreko edukiak, eta otsaileko Talaia Feminista Unea ariketa kolektiboan itxiko dute. Gero, dibulgazioa eta interpelazioa egingo dute, edukiak sozializatzeko eta eragiteko asmoz.
Trantsizio feminista ebaluatzea eta elikatzea du helburu Talaia Feministak: "Gure inguruaren irakurketa kolektibo bat egiteko ariketa bat da. Aktualitatea irakurri nahi dugu begirada feministarekin eta subiranistarekin. Modu kolektiboan: Euskal Herriaren luze-zabalean bizi eta lan egiten dugun emakume feminista eta subiranisten artean egindako irakurketa", azaldu du Jone Etxeberria talde sustatzaileko kideak. Aurtengo sei gertaera nagusi aztertu dituzte, eta haietatik abiatutako azterketa eta irakurketak osatzen dira, bi elementuri erreparatuz: emakumeongan duten inpaktua, eta trantsizio feministan dutena.
Unea eta dibulgazioa
Edukiak osatzeko lanetan dabiltza orain, eta urtarrilaren erdirako behin-behineko dosierra amaitua izango dute. Ordutik otsaila bitarte emango diete edukien berri eragile eta hedabideei. Otsailaren 17an, berriz, Talaia Feminista Unea egingo dute Orereta/Errenterian, Lekuona fabrikan: "Dosierra osatzeko bidean emakume feminista subiranisten parte hartze zabala ezinbestekoa da guretzat. Talaia Feminista Unea edukiak lantzeko eta hausnartzeko momentua izango da; baita, halaber, emakume feminista subiranistok biltzeko topagunea ere", azaldu du Idoia Zengotitabengoa taldekideak. Euskal Herriko emakume feminista eta subiranista guztiak gonbidatu dituzte Errenteriara.
Otsailaren amaierarako izango dute Talaia Feminista 2023 behin betiko dosierra. Haatik, ez da hor amaituko azterketaren ibilbidea, dosierrak tresna praktiko eta erabilgarria izatea baitu xede. Horregatik, Talaia Unean urteko gertaeren irakurketa kolektiboa egin ondoren, bertan sortutako gogoetak eragile sozial, politiko eta sindikalengana eramango dituzte gero, "gogoeta horien oihartzuna zabaltzeko eta haien agendetan eragiteko".
Talaia Feministaren talde sustatzaileko kideak
Jone Etxeberria, Idoia Zengotitabengoa, Begoña Zabala, Maddi Isasi Azkarraga, Ainhoa Astigarraga, Ainhoa Etxaide, Ekhiñe Petriati, Ainhoa Olaso, Elene Lopetegi, Edurne Benito del Valle, Lorea Agirre, Ainara Ruiz Benito, Oihana Lopategi, Mirene Begiristain, Jule Goikoetxea, Maider Barañano, Diana Urrea, Yolanda Jubeto, Kizkitza Gil de San Vicente, Amaia Andrieu, Mila Amurrio, Lur Etxeberria, Alba Fatuarte, Amaia Perez Orozco, Lur Albizu, Iraitz Mateo, Oihana Etxebarrieta, Itziar Amunategi, Monika Plazaola, Itziar Lopategi, Maite Barreña, Ana Lizarralde, Patricia Perales, Zaloa Basabe eta Aiora Epelde Agirre.