ZER DA TALAIA FEMINISTA? Urtero edo maiztasun jakin batekin egingo dugun irakurketa kolektiboko ariketa bat da. Euskal Herriko egoera aztertuko dugu ikuspegi feministan oinarrituta. Batetik, urteko koiunturaren azterketa egingo du ikuspegi feministatik, eta, bestetik, Euskal Herria trantsizio feministan non kokatzen den aztertuko dugu, helmugatik gerturatzen edo urruntzen ari garen, alegia. Euskal Herrian sustatu nahi dugun trantsizio feministaren egoera aztertzeko tresna bat izan nahi du; eta, era berean, trantsizio feminista bera definitzen eta elikatzen joango den tresna bat.
​
ZERTARAKO? Euskal Herriaren trantsizio feminista aztertzeko eta bultzatzeko. Horretarako, 2023. urteko gertakari nagusien azterketatik abiatuta osatu da dosierra, bi elementuri erreparatuz: emakumeongan duten inpaktua, eta Euskal Herriko trantsizio feministan dutena.
NORTZUK GARA? Ezkerreko emakume feminista, subiranista eta independentistak gara; jatorri, eremu eta borroka politiko ezberdinetatik gatozenak. Ez gara elkarte feminista bat, baina feminismotik eta ezkerretik eragin nahi dugu euskal estatu feminista eraikitzera eramango gaituen trantsizio-prozesuan.
ZEIN PUNTUTAN GAUDE? 2023. urtearen azterketaren zirriborroa lantzen ari gara Talaia Feministaren Talde Sustatzailean. Urtarrilaren 22ko astean kaleratuko dugu zirriborroa eta Talaia Unean zirriborroan aztertzen ditugun gaien inguruko irakurketa kolektiboa egingo dugu bertaratzen garen emakume feminista, subiranista eta independentiston artean. Ondoren, bertan landutako ondorio orokorrak Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin partekatuko ditugu, agenda eta ikuspegietan eragiteko helburuarekin.