2024ko otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egingo dute emakume feminista subiranista eta independentistek Orereta/Errenterian, 2023. urteko Talaia Feminista dosierra landu eta ixteko
2023. urteko gertakari nagusien azterketatik abiatuta ari dira osatzen dosierra, emakumeongan duten inpaktuari eta Euskal Herriko trantsizio feministan dutenari erreparatuz. Gero, interpelazioari eta dibulgazioari ekingo diote.
​
​
​
​
​
​
​
​
2023. urteko Talaia Feminista dosierreko edukiak osatzeko lanetan dabil talde sustatzailea, eta urtarrilaren erdirako behin-behineko dosierra amaitua izango dute. Ordutik otsaila bitarte emango diete edukien berri eragile eta hedabideei. Otsailaren 17an, berriz, Talaia Feminista Unea egingo dute Orereta/Errenterian, Lekuona fabrikan: "Dosierra osatzeko bidean emakume feminista subiranisten parte hartze zabala ezinbestekoa da guretzat. Talaia Feminista Unea edukiak lantzeko eta hausnartzeko momentua izango da; baita, halaber, emakume feminista subiranistok biltzeko topagunea ere", azaldu du Idoia Zengotitabengoa taldekideak. Euskal Herriko emakume feminista eta subiranista guztiak gonbidatu dituzte Errenteriara.
Otsailaren amaierarako izango dute Talaia Feminista 2023 behin betiko dosierra. Haatik, ez da hor amaituko azterketaren ibilbidea, dosierrak tresna praktiko eta erabilgarria izatea baitu xede. Horregatik, Talaia Unean urteko gertaeren irakurketa kolektiboa egin ondoren, bertan sortutako gogoetak eragile sozial, politiko eta sindikalengana eramango dituzte gero, "gogoeta horien oihartzuna zabaltzeko eta haien agendetan eragiteko".
​
OHARRA: izen ematea otsailaren 13ra arte egongo da zabalik.